Matematika Olinpiadak
Matematika Olinpiadak unibertsitate aurreko ikasleei zuzendutako txapelketak dira eta hauen helburuak matematikaren ikasketa indartzea eta diziplina honetarako talentua garatzea dira. Ezaugarri hauetako txapelketa zaharrenetarikoa da, aurreko mendeko erdialdetik etengabe ospatua izan dena. Lehenengo Nazioarteko Matematika Olinpiada Errumanian ospatu zen, 1959 urtean. Gaur egun, 100 herrialde baino gehiagok parte hartzen du txapelketan. Espainian, Matematika Olinpiada Espainiako Errege Elkarte Matematikoak (EEEM) antolatzen du.
Txapelketa hiru fasetan antolatuta dago:
- Fase Lokala: urtarrilaren erdialdera ospatzen da Autonomia Erkidego bakoitzean. Idatzizko bi probaz osatua dago, zeinetan ebatzi behar diren sei buruketa proposatzen diren. Normalean hiru orduko bi saiotan antolatzen dira (goiz eta arratsaldez) eta saio bakoitzean hiru buruketa proposatzen dira. Parte hartzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak dira, 19 urte baino gazteagoak, bestelako baldintza gehiagorik gabe. Puntuazio altuena lortzen duten hiru ikasleak Fase Nazionalean parte hartzeko hautatuak izaten dira. Nafarroan, Fase lokala Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen du, EEEMrekin koordinatuz. Informazio gehiagorako NUParen web orria bisitatu daiteke.
- Fase Nazionala: Espainiako Matematika Olinpiada (EMO) martxoan ospatu ohi da, Autonomia Erkidego desberdin batean urte bakoitzean. Idatzizko bi probaz osatuta dago, bakoitzak hiru ordu eta erdiko iraupena dauka eta sei buruketa prosposatzen dira. Sailkatutako sei ikasle onenek Nazioarteko Matematika Olinpiadan parte hartu dezakete. Horrez gain, sailkatutako lehenengo lau ikasleek Iberoamerikar Matematika Olinpiadan ere parte hartzen dute. Espainiako Errege Elkarte Matematikoaren web orrian informazio gehiago aurkitu daiteke.
- Nazioarteko Fasea: Nazioarteko Matematika Olinpiada (International Mathematical Olympiad, edo IMO bere ingeleseko siglen arabera) uztailaren erdialdera ospatu ohi da, urte bakoitzean herrialde desberdin batean. Txapelketa idatzizko bi probaz osatua dago, bakoitzak lau ordu eta erdiko iraupena edukita, zeinetan epaimahai batek proposatutako sei buruketa ebatzi behar diren. Nazioarteko Matematika Olinpiadari buruz informazio gehiago lortzeko bere web orri ofiziala kontsultatu daiteke.
Emakumezkoen Europako Matematika Olinpiada
Aurrekoaz gain, Fase Lokalean hoberen sailkatzen diren neskek aukera izango dute talde olinpiko espainloean sartzeko hautaketa proba egiteko eta Emakumezkoen Europako Matematika Olinpiadan (European Girls' Mathematical Olympiad, edo EGMO bere ingeleseko siglen arabera) parte hartzeko. Olinpiada honi buruzko informazioa bere web orri ofizialean aurkitu daiteke.
Matematika Olinpiada Iberoamerikarra
Matematika Olinpiada Iberoamerikarra (MOI) Olinpiadaren aurreko urteko abenduaren 31n 18 urte baino gehiago ez duten ikasleei zuzendutako txapelketa bat da. Urtero antolatzen da eta bertan hainbat herrialde iberoamerikarrek parte hartzen dute. MOIren helburuak ondorengoak dira: herrialde iberoamaerikarretan matematikaren ikasketa sustatzea, herrialde iberoamaerikarretan talentua duten gazteak aurkitzea eta estimulatzea, herrialde iberoamerikarren matematikako ikasle, irakasle eta maisuen arteko adiskidetasun harremanak sustatzea eta herrialde horietako matematikako irakasleen artean hezkuntza esperientziak trukatzeko aukera sortzea.